Lurraldea

Pirinio mendien mendebaldera eta Kantauri mendikatearen ekialdera dagoen herrialdean naturgune eta historia-gune anitz daude, eta hain lur-eremu txikian kokatuak egoteaz gain, edertasun eta balio kultural handia dute.

Aniztasun horrek kliman ere badu bere isla. Horrela, oso gune estuan lau klima mota eta mikroklima ugari daude, eta horrek ahalbidetzen du oso kilometro gutxiko aldean benetako oihanak eta basamortu zabalak izatea.

Kantauri itsasoa oso harroa denez, kostaldean askotariko txokoak daude. Hondartza eta itsas-paseo atseginez hornitutako badia lasaietatik hurbil-hurbil aurkituko ditugu itsaslabar ikaragarriak, kala irekiak eta olatu oldarkorrak.

Bestalde, barrualdea erabat menditsua da. Bertan, Pirinio mendiek eta Kantauri mendikateak gailur ugari sortu dituzte, eta horietako batzuk, gainera, 2000 metrotik gorakoak dira. Mendi-magaletan eta sakonuneetan landaredi oparoa dago, eta erreka eta urtegi ugariek haitzak eta kobazulo andana inguratzen dituzte.

 


Bardenas by Ikertxi

 

Mendien hegoaldean lautada berdexkak eta larretan aberatsak diren haran atseginak daude, Iberiar Penintsularen barnealdean zerumuga duen itsaso berdea.

Lautada horietatik haratago basamortu natural zabal bat dago, oso geografia, klima, landaredi eta fauna bereziak dituzten zintzur idorrak.

Paisaia hori osatzen duten hiru komunitateak; alegia,  Euskadi, Nafarroa eta Atlantiar Pirinioak oso aberatsak dira kulturari dagokionean. Aurrehistoriara jauzi eginez gero, erraz aurkituko ditugu aztarnategi arkeologiko garrantzitsuak, makina bat multzo megalitiko eta garai guztietako eraikin historikoak. Tokiko ospakizunek eta ohiturek ere, horietako asko zahar-zaharrak, balio kultural handia dute.

Hala ere, ohitura hauek industriarekin eta teknologiarekin batera bizi dira. Horrela, kostaldean, arrantzontzien kaien ondoan aurkituko ditugu merkataritza-portu handiak eta mundu osoan ezagunak diren ontziolak. Halaber, eraikin historikoez gain, abangoariako lan arkiteknikoak ere oso nabariak dira.

 


Riscal by Tabernilla

 

Paraje desberdin horien guztien arteko distantziak oso txikiak dira; dena dela, barnealdeko azpiegiturak ikaragarrizko ingenieria-lanak dira, eta haien bidez lurraldean zehar ziur, eroso eta azkar mugi gaitezke.

Horrez gain, hotel eta ostatuen kalitatea aipagarria da; izan ere, zeinahi motatako bidaiariaren beharretara ondo egokitzen dira. Bai gastronomia bai erosotasuna mundu osoan ezagunak ditugu; horregatik, mendeetan zehar, itzal handiko hainbat noble eta pertsonaia etorri izan dira. Aisialdirako eskaintzak era askotakoak dira. Biztanleak zintzoak direnez eta emigrazio kontuetan eskarmentua dutenez, mundu osoko jendea onartua sentitu ohi da.

Horregatik guztiagatik, gure txokoak postu bat lortu du Lonely Planet-ek egiten duen "BLUE LIST 2009"-ean. Horrek esan nahi du eskualde hau bidaiatzeko tokirik interesgarrienetarikoa dela; hortaz, edozein ikus-entzunezko ekoizpen filmatzeko egokia den eskenategi natural sorta ederra du.

 

- HASIERARA ITZULI -